1969ko musika

1969ko musikari dagokionean, urte horretan egin ziren jaialdi erraldoiak izan ziren beharbada gertakizun ospetsuenak. The Rolling Stones taldearen emanaldian, gazte bat hil zuen “Hells Angels” taldeko kide batek AEBetako Kaliforniako Altamon herrian ospatu zen “Altamont Speedway Free Festival” jaialdian. Esan ohi da hippie aroaren amaiera markatu zuela, “Woodstock nazioaren heriotza”, kritikoek dioten bezala. Oraindik sonatuagoa izan zen AEBetako New Yorkeko Woodstock herritik gertu egin zen “The Woodstock Music and Art Festival” jaialdia. Garaiko musikari ospetsuenek hartu zuten parte, eta historiako kontzertu-sorta handienetakoa dela esaten da. Bestalde, Europan ere egin ziren beste bi jaialdi handi. Batetik, Ingalaterrako Wootton Bridge herrian egin zen “The Isle of Wight Festival” jaialdia eta, bestetik, “Festival Actuel” bezala ezagutzen dena, Belgikako Amougies herrian egindakoa.

Woodstock-eko Bakearen eta Musikaren oroitarria, 1984. urtean jarria jaialdia egin zen lekuan

AEBetako eta Erresuma Batuko musikariek jarraitu zuten betetzen zerrendetako lehen postuak. Halere, salbuespen batzuk egon ziren, hala nola, Jane Birkin eta Serge Gainsbourg (Frantzia), Shocking Blue (Herbeherak) eta Georges Moustaki (Frantzia).

David Bowie musikari britainiarraren Space Oddity abestia izan zen urte honetako arrakasta handienetako bat; BBC telebista kateak abestia aukeratu zuen Apollo 11 espazio-ontziaren ilargiratzearen emankizunerako.

King Crimson banda britainiarraren lehen diskoa, In the Court of the Crimson King, aitzindaria izan zen rock progresiboaren garapenean, baita The Moody Blues, Procol Harum, The Nice, Genesis, Yes eta Pink Floyd taldeek kaleratu zituztenak ere. Modu honetan, rock progresiboak berezko entitatea lortuko zuen rockaren barruko genero gisa.

The Stooges talde estatubatuarraren lehen albuma, The Stooges, ere urte honetan kaleratu zen, eta nahiz eta arrakasta handirik ez izan, denborarekin punk rockaren erreferentziazko diskoa bilakatuko zen. Gauza bera gertatu zen Kick Out The Jams MC5 Detroiteko taldearen lehen diskoarekin. Creedence Clearwater Revival taldeak aurreko urteko arrakasta sendotu zuen eta hiru LP kaleratu zituen urte honetan: Bayou Country, Green River eta Willy and the Poor Boys.

Brasilen sortu berri zen Tropikalia mugimenduari bultzada handia emanez, herrialde horretan izugarrizko arrakasta izan zuten disko bana kaleratu zituzten Caetano Velosok eta Gilberto Gil musikariek.

Euskal musikari dagokionez, aipatzekoa da Niko Etxart kantari zuberotarrak urte honetan idatzi zuela Euskal rock´n´roll abesti enblematikoa, Parisen ikasle bizi zela; hamar urte beranduago argitaratuko zen disko labur batean. Benito Lertxundik Euskal Kanta-Berria albuma kaleratu zuen bitartean, Imanol (Michel Etxegaray goitizenarekin) eta Antton Valverde kantariek lehen disko laburrak argitaratu zituzten. Baita ere, urte honetan irten ziren Mikel Laboaren Haika mutil eta Zilbor hesteak abestiak, Pantxoa Carrere-Peio Ospital bikotearen Itziarren semea, Ameslariak taldearen O gu hemen (bidean galduak) edo Erlak bikotearen Kennedy, besteak beste. Halaber, Salomé kantari kataluniarrak Eurovisión jaialdia irabazi zuen Vivo cantando abestiaren euskarazko bertsioa kaleratu zuen Kantari bizi naiz izenburuarekin.

Ikus-entzuleak 1969ko Whight Uharteko Jaialdian
Alan Silva jazzlaria 1969ko Belgikako Amougies herrian egin zen Actuel Jaialdian
Niko Etxart musikari zuberotarra, Euskal rock´n´roll abestiaren sortzailea

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search